Ez dakit niri bakarrik iruditzen zaidan, baina inpresioa dut sareak kuraia handiko amaz bete dituztela azkenaldian. Dituztela diot, abortuaren kontra dauden kolektiboak ikusten ditudalako zenbait bideo azukretsuren atzean. Niri, pertsonalki, ondo iruditzen zait umeak bizitzeko arazoak izango dituela jakin arren umeaz erditzea erabakitzea. Erabakia bakoitzarena da, eta norberak daki nola antolatu behar duen bizitza bere buruarekin bakean bizitzeko. Onartzen ez dudana da kontrakoa erabakitzen dutenak kriminalizatzea. Izan ere, kasu errealetan sartuta, ez dakit nor den berekoiagoa: 12 ordu bakarrik biziraungo duela jakinda ere, umea jaioarazi egiten duena, ala trantze horretatik pasatu orduko abortatzen duena. Pertsona heldu bezala, pentsatu egin behar genuke batzuez eta besteez esaten duguna.
Algoritmoak 19 urterekin erditu diren emakumez bete dizkit sareak. Horietako askok ume gaixoak izan dituzte gaixorik jaioko zirela jakinda. Ez dakit nola esan algoritmoari gelditzeko, ez dudala istorio partikularrik behar lege orokorrak defendatzeko. Ni beti egongo naiz abortatzeko eskubidearen alde. Batez ere, eskubidea izateak ez duelako inor derrigortzen halakorik egitera; baina abortatzeko eskubidea ukatu nahi duzuenok gogoa eta beharra duten emakumeak seinalatu eta kriminalizatu egiten dituzue batere lotsarik gabe.