Onintza Enbeita

Barkamena

2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez nintzen ostiralean Gernikan egon. Amak kontatu zidan kotxe asko ekarri zituela alemaniarrak. «Han egon ziren denak», esan zidan, eta gure amak «denak» hori segun eta ze tonurekin esaten duen Gernikako eta eskualdeko zenbait alkatez ari da. Haiekin batera egon ei ziren Gernika erre zutenetik bizirik jarraitzen duten emakume bi: «Beti egoten direnak». Eta gehitu zidan: «Harek be Espainiako erregeari eskua emon deutsie, txo!». Bere azalpenen norabidea ikusita, barkamenaren kontua piperrik ere ez zitzaiola inporta igarri nuen. Hala da. Alemaniarren barkamena sinbolikoa iruditzen zaio. Ondo dago, baina Espainiaren ardurak ez ditu inork hartzen. Ez omen daukate zertan faxistek egindakoa haiengan hartu orain espainiar estatua gidatzen dutenek. Akabo, bada!

Oraindik ere gerra zibila deitzen diote altxamendu faxistari. Gernika erre zuten egunaz hitz egiten digute, baina oraindik zain gaude ondorengo berrogei urteetan gertatu zirenei bizipenak eta izen-abizenak jartzeko. Francok Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen bere ondorengo estatu buru, eta hark bere semea, oraindik hor jarraitzen duena. Loturarik ez izateko, etengabeko kateetan kateatuta jarraitzen dute. Gauza sinbolikoek zauriak ixten laguntzen dute batzuetan, baina faxismoa bizi-bizi dagoenean hark egindakoengatik ardurarik hartu nahi ez izateak ireki ere egin ditzake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.