Onintza Enbeita

Bihar

2026ko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Niri gehiago edo gutxiago gustatu dakidake norbait gurutze batekin masturbatzea, edo norbaitek hori egiten ari dela antzeztea. Kontua da arazoa ez dela norberari zer gustatzen zaion: kontua da kristauak omen diren abokatu batzuk daudela haiei gustatzen ez zaien edozein espresio isiltzera bideratzen direnak. Eta gaur Ane Lindane izan da, baina bihar zu izan zaitezke. Ez baitute amorerik emango emakumeok sukaldean eta gizonak tabernan isilik ikusten gaituzten arte. Ez baitira hainbeste urte pasatu horrela bizi ginenetik, eta ez baita hainbeste denbora emakumeok bankuan kontu korronte bat izateko aitaren edo senarraren baimena behar genuenetik. Eta orduan, abokatu kristau horiek eroso bizi ziren. Eta emakumeok sukaldera kondenatu gintuen erregimena defendatu egin zuten, egoerak botere handiagoa ematen ziolako Eliza katolikoari sinesmenen hedapenean. 

Abokatu Kristauak izen bat baino ez da. Atzean dagoenak izen orokorragoa darama, ordea: faxismoa. Ez da Ane Lindane bakarrik. Haien ustez gizarteak izan behar lukeena zalantzan jartzen duen jende guztia daukate jomugan. Ez gaitzatela engaina. Hemen arazoa ez da alutik zer sartzen dugun edo zer sartzea antzezten dugun: hemen arazoa da faxistek ez dutela nahi libre hitz egin dezagun. Eta gaur isilik gelditu diren asko epaitegietan egon daitezke bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA