Onintza Enbeita

Ehizagaiak

2026ko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tirso de Molina ingurutik gindoazen oinez. Espaloiaren bazter batean emakume bat ikusi genuen lotan. Jendeari ez zion askorik ardura. Guk ere aurrera egin genuen. «Ezin dut jasan jendea kalean ikustea. Pentsa ezazu emakume horren zaurgarritasuna hor, kalean botata», esan zidan lagunak. Ez daki zer egin, ordea. Esan zidan Madrilgo erdigunean gero eta jende gehiago dagoela kalean, eta ez dirudiela inork arazoa konpontzeko gogorik duenik. «Okerrena da edonori gerta dakigukeela», esan nion. Begira gelditu zitzaidan. «Bai», esan nion: «Pentsatzen duguna baino errazagoa da ezer gabe gelditzea». Hautsezinak garela pentsatzen dugu, baina gure bizitzak hauskorrak dira, oso. Gerta dakiguke lanik gabe gelditzea, familiak edo sareak huts egitea, depresioak edo antsietateak adikzioren bat sortzea, lan egin arren errenta edo hipoteka ezin ordaintzea… ikusi nahi ez ditugun errealitate asko daude guregandik hurbil. Gaur dena daukagulakoan bihar ezer gabe esnatu gaitezke, eta ez gara horretaz ohartzen.

Kontuak kontu, gu Madrilen halako elkarrizketetan genbiltzan bitartean, Donostian kalean bizi den pertsona bati tiro egin diote. Ez dakigu nork, baina badakigu zergatik. Seguruenetik nor izan den jakitea ere ez da hain zaila izango. Gogor salatu behar genuke giza-ehiza, kapitalismoan denok izan baikaitezke ehiztarien bazka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA