Nik ez dakit gauzen munduko egunak nork izendatzen dituen, baina, dakizuenez, gustatu egiten zait begiratzea. Ez dut ezer berezirik egiten muxuaren, kroketaren edo emakumeon orgasmoaren munduko egunean, baina kuriosoa egiten zait begiratzea ea zeintzuk diren egun bat izendatuta daukaten gauzak. Askotan gauzei ikusgarritasuna emateko izaten dira egun hauek, baina beste askotan, ez dago zentzua aurkitzeko modurik. Paradoxak ere gertatzen dira, jakina.
Gaur, esate baterako, ogiaren, elikaduraren eta anestesiaren munduko eguna da. Gaur egungo munduan jende askok ez dauka bermatuta egunero ogia jango duenik. Ez naiz ogi freskoaz ari: jende askok ez daki egun bakoitzean jaterik izango duen, eta izango badu, ea hiru jatordu atontzeko lain izango duen. Munduaren ertz batean tonaka janari bota egiten da, eta beste ertzetan, berriz, urdail hutsarekin jolasten dira haurrak. Ez: arazoa ez da ez dakitela lurra lantzen. Arazoa da haien baliabideak guk ustiatu ditugula, lehorteak lurrak agortu dituela, guk hemen jan ahal izateko haien lurretatik kanporatzen ditugula… Arazoa da munduaren zati batek laineza izateko beste guztiak izorratzen ari garela, eta, honezkero, anestesiatuta gaude. Ez gaitu kezkatzen guk jaten dugun zaborraren ekoizpenak zenbat jende gosez hilarazten duen. Hara non elkartu zaizkidan elikadura eta anestesia.