Onintza Enbeita

Energia

2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Auto elektrikoa saltzen digute ingurumena salbatzeko tresna balitz bezala. Guk erosi egin nahi dugu. Urruti gelditzen zaizkigu bateriak egiteko litioaren bila hiltzen diren umeak. Guk mobil onak nahi ditugu. Lanerako behar ditugu. Ez dira gure ardura bidean kutsatzen eta zapaltzen direnak: zer egingo dugu guk, bada? Guk nahi ditugu etxean garbigailua, telebista, ontziak garbitzekoa, kafe makina kapsuladuna, ogia txigortzekoa, lurra garbitzeko rumba, hortzetako eskuila elektrikoa, manta elektrikoa, hozkailu handia bakarrik bizi bagara ere, izozkailua gerrarik baletor, ura irakiteko elektrikoa, labea, mikrouhin labea eta airfryer-a. Gero, erradiazioaz lau artikulu irakurriko ditugu eta 600 euroko erretiroa egingo dugu halako mendi galduren batean. Euskal Herrian ez beharbada, zeren mendi guztiak izorratzen ari gara, baina egongo da Espainian edo Frantzian leku idiliko erromantizaturen bat. Guk energia behar dugu; derrigor. Orduan, ondo iruditzen zaigu gure mendiak haize errotaz betetzea. Nonbaitetik atera behar da energia eta zentral nuklearrik ez dugu nahi, edo bai. Ez dakigu. Gure aurreko belaunaldiak gelditu egin zuen bat; beraz, pentsatzen dugu hobeak izango direla errotak. Energiaren kontsumoa murrizteaz hitz egiteko, ordea, ez daukagu astirik. Bitartean, erroten artean hiltzen ari dira sai zuriak Nafarroan. Zer da, baina, sai zuria?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.