Borja Semperri entzun diot Gazan gertatzen ari dena ez omen da teknikoki genozidioa: gerra krimena omen da, baina genozidioa ez. Gerra krimen hori deskribatzeko hitz gogorrak erabiltzen saiatu da, baina guztion gogoan oihartzun egiten duen hitza erabili gabe. Ikusten ditugun irudiak ikusita, Gazako zerrendan gertatzen ari dena teknikoki aztertzeko barrua behar da. Genozidioa zerk egiten du genozidio? Teknikoki ez dakit, baina historiako klaseetan ulertu nuenez Hitlerrek egin zuena genozidioa izan zen, funtsean, juduak desagerrarazten saiatu zelako. Ez da bakarrik zenbat hil zituen; kontua da denak ezabatu nahi izan zituela eguzkiaren azpitik. Halako zerbait ulertu nuen nik, eta halako zerbait usaintzen dut sionismoaren hitzetan. Berdin zaie zenbat hil, torturatu edo desagerrarazi behar dituzten: ez dute amorerik eman nahi palestinar guztiak ezabatu eta haien lurra haientzat hartu arte. Ez dituzte estatu bi nahi: haiek Israelen ametsa gauzatu nahi dute eta horretarako palestinarrak desagerrarazi behar dituzte.
Ez dira orain jaio, ordea, eta etxeko lanak ondo eginda dituzte. Bigarren Mundu Gerran gertatua oso ondo erabili dute haien alde, eta genozidio hitzaren esklusibotasuna haien kontra egindako sarraskiarentzat bakarrik erabili daiteke orain. Hura joan zen, baina, eta orain egiten ari direnak ez dauka beste izenik.