Onintza Enbeita

Ez da egia

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da egia migratzaileei etxeak doan ematen zaizkiela. Pentsa ezazue etxea doan eskuratzeko aukera izango balute ez liratekeela biziko ez dakit zenbat urtean obrarik egin gabeko etxeetan, edo igogailurik ez dutenetan, edo gela bakarrean lau lagun. Ez da egia lana kentzen digutela. Gurera iritsi berri direnek ez dute itxi diren fabriketatik langabeziara joan direnekiko erantzukizunik, ez dute erabaki ostalaritzako lan jardunak 12 ordukoak izatea, ez dute esan «nik halakoren edo bestelakoren lekua hartuko dut gaizki begiratzen didalako». Aukera ematen zaien lekuan egiten dute lan. Ez da egia etxetik botako gaituztenik haiek etorri direlako. Ez baita egia etxebizitza sozial guztiak haien eskuetara doazela. Zaudete lasai. Etxea kenduko dizutenak putre funtsak edo zuk okupatuta daukazun etxea lurrarekin espekulatzeko baino nahi ez duten herritar errespetagarriak izango dira. Ez da egia haien herrian aukerak emango bagenizkie ez liratekeela etorriko. Edo bai. Kontua da guk aukera asko izan ditugula esku artean, eta, hala ere, Asiara edo Ameriketara joan garela abentura bila. Zergatik ezin dute haiek hori egin? Ez da egia haien erruz garela txiroagoak. Aitzitik, dena ostu diegulako bizi dira pobre euren herrian.

Edozer sinisteak edozer pentsatzera eramaten gaitu. Ez utzi diskurtso faxistari irabazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA