Astelehenean Bilbora etortzekoa zen Vito Quiles. Maule eta Hendaiako lagunentzat ez da izango garrantzitsua den inor, baina gure errealitatea halakoxe trabesa denez, Karrantzatik Tuteraraino hedatzen da pertsonaia horren itzala. Espainiako faxismoaren ikurretako bat da. Mikrofonoa hartu eta kazetari plantak eginez ibili izan da azken urteotan: bere ustez gauza ausartak egiten. Hotzean pentsatuz gero, lelokeriak egiten. Kontua da sare sozialetan kabitzen ari den faxismo mailak etenik ez daukanez, famatu egin dela, eta orain, azaroaren amaierako hauteskundeen harira, kanpaina egiten ari da. Faxistei, jakina. Kontua da astelehenean sekulako gazte pila atera zirela kalera haren etorreraren kontra, eta inork azaldu ez dituen arrazoiengatik ez zela etorri. Bestelako bakea.Â
Astelehenekoa garaipentzat hartu duenik bada, baina ezin gara jende horretaz fidatu. Urte askotan egon dira lozorroan, eta haien statu quo-a arriskuan ikusi dutenean, kalera atera dira. Ez dira hain erraz erretiratuko. Ez dute atzerapausoa hain erraz egingo. Ezin dute. Urrunegi iritsi dira diskurtsoetan, jarreretan, gobernuaren kontrako ekintzetan… orain ezin dute besterik gabe agur esan. Agertuko da Quiles beste nonbait, eta agertuko dira bera baino okerragoak ere. Horixe dakarte garaiok. Guk, astelehenean gazteek egin bezala, pausoa aurrera eman beharko dugu.