Onintza Enbeita

'Gernika'

2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bermeoko alkatea turista talde baten erdian sartu zen behin. Gidaria kontatzen ari zitzaien portuko etxeen kolore desberdinen arrazoia arrantzaleen mozkorrak zirela. Nola etxera edanda iristen ziren, kolorearen arabera bereizten zuela bakoitzak berea. Alkateak zuzendu egin zion gidariari: etxe guztietan ez zenez nahi adina diru egoten, itsasontziak margotzetik sobratzen zen pinturarekin margotzen ziren etxeak. Horregatik zen fatxada bakoitza kolore batekoa. Kontzientziaz egin zuen ariketa bat da: «Gure herriaren errelatoa geuk kontrolatu behar dugu», esan zidan Nadia Nemeh Shomalyk.

Errelatoa geuk kontrolatzearen garrantziagatik iruditzen zait garrantzitsua Gernika koadroa Gernikan egotea. Ez baita berdin Madrilen, Bilbon edo Gernikan egotea. Sinboloak lekuari lotzeak badauka balioa. Beste eztabaida bat izango da koadroa gainbaloratuta dagoen edo ez, baina koadroa Gernikan egin zuten sarraskiaren sinbolo bihurtu bada, koadroak Gernika nazioartean kokatzen lagundu badu, logikak esaten du Gernikan egon beharko lukeela. Horretarako lekua egokitu beharko litzatekeela diotenek euren kaxoietan daukate erantzuna: duela urte gutxi Eusko Jaurlaritzak 3,6 milioi ordaindu zuen klaratarren komentua. Hori bai, behin koadroa ekarrita, errelatoan lan asko egin beharko genuke: altxamendua, galtzaileak, irabazleak, berreraikuntza…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA