Gai lorrina da poliziaren kontra jarduten duten manifestariena. Indarkeriaren auzia hain lokaztuta dagoen herri batean, zaila da datuekin eta hotzean ezer eztabaidatzea. Edozelan ere, astelehenean Bilbon izandako istiluei begira ibili naiz komunikabideetan. Denek egotzi nahi diote norbaiti han gertatuta, baina bertan izandako zenbait gazterekin hizketan, euren harridura erakutsi didate. Ez omen dute ulertzen nola lehertu ziren istiluak manifestazioaren helburua lortu ondoren; hau da, Vito Quiles ez zen sartu Bilbora; beraz, ekitaldia amaitu eta bakoitza bere etxera edo tokatzen zaion lekura joatekoak ziren. Halako batean, kaleetan sua piztu zen.
Haiekin hitz egin eta gero sarean bila ibili naiz, eta Bartzelonako istiluen atzean egon omen den esku beltzarena irakurri dut. Polizia bera eta ultraeskuina ibili omen ziren poliziaren kontrako oldarraldia antolatzen. Egun, zaila da jakiten zer den adimen artifiziala eta zer ez, baina askotan antolatu ditu poliziak bere buruaren kontrako istiluak, gero gazteak atxilotu eta jipoitzeko. Horretaz zerbait badakigu.
Gauzak horrela, kanpaina interesgarria datorkigu. Espero dudan bakarra da gure politikariek iparra ez galtzea, eta kondenetan edo zuk gehiago-an ez erortzea. Beldurra, pena, nagia, nazka… eta ez dakit zenbat gauza gehiago sortzen dizkidan hemendik azaroaren 29rakoak.