Demagun abortatzeko eskubidea defendatzen duen andre talde bat abortatzen ez dutenei jazartzen zaiela. Ezinezkoa dirudi, baina pentsatu une batez haurdun dagoen emakume bati ospitalera jarraitzen diotela umea izan ez dezan eskatuz: mundu zikin honetara inor ekartzeak ez duelako merezi, presio sozialagatik izango delako ama nahi duelako baino gehiago, litekeena delako nahi gabe izandako sexu harremanen emaitza izatea haurdunaldia… ez dakit zein izan daitezkeen arrazoiak, baina izango dira. Pentsa tripa handiarekin ginekologoaren kontsultara sartzera doan emakume bati jarraitu egiten diotela beste batzuek egingo duen hori egin ez dezan esanez. Ez luke zentzurik, ezta? Bada, alderantziz ere ez.
Abortatzeko eskubideak ez du inor abortatzera derrigortzen. Umetokia izateak ama izatera derrigortzen ez gaituen bezala. Eskubideak esan nahi du hala nahi edo behar duenak aukera izango duela. Besterik ez. Gauzak horrela, ez dauka inolako zentzurik abortatzera doazen emakumeei jazartzeak. Are gutxiago jendea ginekologoaren kontsultaren aurrean akosatzeak: ez baitira hara doazen guztiak abortatzera joaten. Bakoitzak badaki zein arrazoi dituen ginekologoaren kontsultara joateko, haurdunaldia eteteko edo tronpak josteko. Ez genuke normalizatu behar bere amatasunaren eta gorputzaren gaineko erabakiak inori zalantzan jartzerik.