Ikusten ditut hondartzak inguru guztia etxez beteta, eta pertsiana guztiak itxita. Komertzioa egon badago herriotan, baina hirutik bi itxita daude martxo ingurura arte: «Orain ez da jende askorik ibiltzen». Turista gutxi gaude, egia esan. Gustura galdetuko nieke ea bertakoei nork eta nola ematen dien zerbitzua, baina ez daukat eztabaidarako gogorik. Etxe ondoan ere gauza bera ikusi dugu gertatzen. Udan betetzen diren herri askotan neguan ez da ezer egoten irekita. Bertakoek ez dute arretarik merezi, ez daukate medikuarenetik ateratzen direnean kafe bat hartzeko eskubiderik edo kotxea hartu gabe komuneko papera erosteko beharrik. Maiatzetik azarora arte aprobetxatu behar da: igandez ere dena zabalik izaten da hilabete horietan. Bien bitartean egin beza bakoitzak ahal duena.
Etxetik urrun hain nabarmena egiten zaigun fenomeno hau ez dugu beti erraz antzematen etxean. Ulertu egin nahi ditugu urtean hiru hilabetez oporrak hartzen dituztenak. Gure etxetik gertu, badago herri txiki bat, tabernek adostuta dutena zein egunetan deskantsu hartuko duten. Horrela, egunero dago baten bat irekita. Ez, ez dut tabernen aldeko alegoriarik egin nahi, baina badakigu gure inguruko herri txiki askotan autobusari itxaroteko aterperik ere ez dagoela. Komertzioak, frankizia ez direnean, komertzio hutsa baino zerbait gehiago dira.