Onintza Enbeita

Konpetentzia

2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gehiegitan kondenatu gaituzte txikira jokatzera, eta handira jokatzera ausartzen direnek zalantzak sortzen dizkigute. Arrakasta handia duten artista euskaldunek egiten dutena lupaz begiratzen dugu. Ez naiz ni besteak baino gehiago pozten edo fidatzen dena: neu ere alerta beti. ETSk eta Zetak-ek jasotako diruek eztabaida sortu zuten, eta Fermin Muguruzaren kritika pertinentea iruditu zitzaidan. Ez baitzuen taldea interpelatu: dirua emateko moduak salatu zituen. Edozelan ere, berdin du zenbat diru jaso duten batzuek eta besteek, asko edo gutxi, modu gardenean edo ilunean. Beti daude guk, euskaldunok, baino diru gehiago jasotzen dutenak. Batez ere geure etxean. Egunotan publikatu denez, BBK Live, Azkena Rock eta BIME antolatzen dituen enpresak 12 milioi euro jaso ditu diru laguntza publikoetan 2022tik hona. Datua esanguratsua da. Hemen ere ez dira artistak dirurik gehien jasotzen dutenak, eta dirurik gehien jasotzen dutenak ez dira bertoko artistekin lanean ari direnak. Are gutxiago, eredu herrikoietan edo auzolanean sinisten dutenak.

Halakoetan beti gogoratzen naiz azokara etorri eta tomateak konpetentziari erosi dizkiola esaten duen jendea. Alboko baserria eta gu elkarren konpetentzia bagina bezala. Gure konpetentzia Eroski, Mercadona, Aldi… dira. Euskara eta kultura gurutzatzen diren lekuan ere antzera gertatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA