Onintza Enbeita

Lotsa

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur inozenteen eguna da hegoaldean. Iparraldean ez. Gure herriaren egoera berezia da. Zatitu egin gintuzten, eta urteekin, asumitu egin dugu zatiketa hori. Ia erabat. Gaur inozenteen eguna da hegoaldean, baina nazionalak diren medioetan ere inozentadak egingo dituzte eta hor ibiliko gara haien bila poz-pozik. Gutxi ohartuko dira gure herrikide batzuentzat ez daukala zentzurik inozentadak gaur egiteak, baina gehiengoari berdin izango dio. Txikikeriei begira dagoen jendea iruditzen zaigu gure maparen kontraesanak aurpegiratzen dizkiguna. Beti erretxinduta dagoen jendea da jaiegun nazionalik ez daukagula gogorarazten digun jendea. Iparraldea eta hegoaldea esaten dugu etengabe, eta gure herriaren iparralde geografikoa ez dago Zuberoan. Ezta hegoaldea Karrantzan ere. Berdin dio, horrela esaten ikasi genuen, eta jo, ulertzen da zer esan nahi dugun. Abertzaleak gara, independentzia nahi dugu, baina ea, inozenteen eguna baino ez da.

Bitartean, telebista publikoko eguraldiaren mapan Errioxa gehitu diote Euskal Herriko mapari. Ez dakit den aurpegira barre egiten digutelako ala Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa sartzea justifikatzearren, baina lotsagarria da dena. Lotsagarria da gure guardia jaistea, lotsagarria gure umeei politikaz ez hitz egitearren galduko dugun guztia, eta lotsagarria lotsa galdu dutenen jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.