Onintza Enbeita

Mapa

2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zaie gustatu. Athleticen ekipazio berriaren kontra altxatu dira UPNkoak. Barre egin dut notizia irakurri dudanean. Gauza jakina da Euskal Herria zazpi lurraldek osatutako herria dela aldarrikatzen dugunok betikoak garenean inor ez dela asaldatzen. UPNrentzat, ordea, Athletic ez da betikoak. Futbola eta politika ez direla nahastu behar esaten zigutenek arazo bat dute lehen mailako ligan jokatzen duten gizonen bizkarrean Euskal Herriko mapa jartzearekin. Sinboloek ez dute askotarako balio, baina nork erabiltzen dituen asko esaten dute. Athleticen ereserkiak dio «gaztedi gorri-zuria, zelai orlegia, Euskal Herriaren erakusgarria». Hala ikasi genuen umetan, eta hala hunkitzen ziren gure zaharrak kantatzen zutenean. Sekula San Mamesera joan gabeak ziren gure aitona-amonak, baina zelai orlegian ikurrinaren berdea ikusten zuten. Guretzat logikoa da Athleticeko elastikoaren bizkarrean Euskal Herri osoaren mapa agertzea, eta pozgarria. Hunkigarria ere bai. 

Ez dakit noraino iritsiko den UPNren salaketa, ez dakit Atlhetici agindu dakiokeen elastikoa aldatzeko. Espero dut ezetz. Nire ahotsa soila da, umila, bakarra. Ez naiz futbolzale sutsua ere. Ezin dut UPNk atera duen adinako zarata atera, baina pozik nago milaka lagunek jarraitzen duten kirolean, baztertxo batean bada ere, gure mapa agertuko delako. Eskerrik asko, Athletic.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA