Onintza Enbeita

Mina

2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenengo aldiz ikusi nuenean kartzelan zegoen: Huelvan. Ez nintzen bera ikustera joan, baina bisita orduan preso guztiak elkarrekin etortzen ziren kabinetara, eta gurean sartu zen egun onak ematera. Gure familiaz hitz egin zidan: ezagutzen zituela osabak, baita gure aita ere, emateko muxuak etxean, maite gintuela baita ezagutzen ez gintuen enbeitatarrak ere... Prentsan irakurri dut Jesus Mari Zabarte hil dela. Hildakoak, atentatuak, bonbak... zenbatu dizkiote eta sareak gorroto mezuz bete dira. Nik ezin ditut egin zituenak ezabatu eta ezin dut minik ukatu. Hala ere, legendaren atzean dagoen gizona ezagutu genuen guk bere hutsune eta guzti. Kontua da orain hari buruz esan dezakedan guztia nire kontra erabili daitekeela. Berdin dio.

Inoiz baino presenteago daukat gaur Josepa Arregi, Jesus Mariren ama. Begien aurrean ikusten dut orain ere Huelvarako bidean, lehen lerroan eserita ezin zelako autobuseko literetan etzan. Ilea laztu egiten zait Huelvara iritsi aurretik izandako urte gogorretan, bisitetan euskaraz egitea galarazi zietenean, elkarren aurrean isilik nola egoten ziren pentsatzean. Legenda guztiak eraikitzen dira egiaz eta gezurrez, gorrotoz eta maitasunez. Haien heriotzaz pozten garela, edo hiltzeko garaia bazutela sare sozialetan idazteak ez digu minik arinduko, hala ere; gainera, ez du ezer konponduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA