Onintza Enbeita

Nondik

2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun on berriro ere. Uztailaren 31n itxi nituen begiak eta ireki ditudanerako irailak badu 1. Horixe dauka atsedenak: beti da motza. Batu ditut kurtso berrirako kontu batzuk, baina oraindik ondo digeritu behar ditut nondik kontatu nahi ditudan erabakitzeko. Ez baita beti zer kontatzen dugun, baizik eta nondik ari garen. Gertatu dena edozer dela ere, kontatu behar duguna barregarria izanda ere, dena alda dezake gure kokapenak. Azken astean, izan dira Bilboko jaietako pregoia euskara hutsean egiteagatik kontu eske etorri zaizkidanak. Ez dut inorekin eztabaidatu. Ulertzen dut haien amorrua, baina euskararik gabeko mezuen aurrean ez dute ezer esaten, ez dira besteon ezinegonaz konturatzen. Horregatik besarkatu nuen pregoia ea gaztelaniaz laburtuko niokeen eskatu zidana. Edukazioz, modu onean. Bere hizkuntzaren parean kokatu zuen gurea eta bere buruari egotzi zizkion ez jakitearen pena eta ardura. Guk euskaraz berak kotizatutako diruari esker dakigula bota ziguna, ordea, ez zen leku beretik ari. Bere burua eta hizkuntza gure gainetik kokatu zituen eta zerbait zor diogula uste du. Kotizazioek laguntzen dute hezkuntza sistema publikoa eraikitzen, ados, baina han geundenok euskaraz egiteko, hori baino gehiago behar izan dugu. Jende askok lan egin du, egunero, guk orain euskaraz egin dezagun. Eta ez dira beti kotizatutako lanak izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA