Gaur beteko dira 51 urte Txiki eta Otaegi hil zituztenetik. Memoria ukatu zaigunontzat egun garrantzitsua da. Memoria ukatu edo, bueno: gutxietsi. Guri egotzi zaigu azken 50 urteetan Euskal Herrian gertatu den guztiaren errua, eta orduan, gure hildakoek merezi izan zuten gertatu zitzaiena. Nik ez dut hala denik sinesten, baina gaur ere izango dira halako mezuak. Zenbait komentario irakurtzen ditudanean, saihetsezina egiten zait pentsatzea, nik edo guk halakorik esango bagenu beste edozein hildakoren gainean, gure kontrako oldarraldi guztiak justifikatuko liratekeela. Guk, ordea, isilik egon behar dugu. Izan ere, «injustizia guztiak dira injustiziak, baina…», edo «suarekin jolasten duena erre egiten da». Inguru ez urrunean ere esaten dizkidate halakoak eta intimitatean ez naiz isiltzen, baina horrek ez du esan nahi mintzen ez naizenik.
Gaur Txikiz eta Otaegiz oroitu nahi nuke, konplexurik gabe. Eta Argalaz, Brouardez, Muguruzaz, Lasaz eta Zabalaz, Ina Zeberioz, Jon Erezumaz, Iñaki Garai eta Blanka Salegiz, Manu Urionabarrenetxeaz, Hotel Mombar eta Morlansen gertatuaz. Eta beste askoz. Oroitu, eta barruak hala eskatzen badit negar edo oihu egin. Eskubidea dudalako maite nituenez oroitzeko. Eskubidea nuelako maite nituenak maitatzeko. Eta batez ere, hildakoak hil izana ospatzeak ez duelako ezer konpontzen.