Larri dabiltza Dinanten. Belgika hegoaldeko herri horretan hainbat laguni eraso egin die zapelatzak. Dirudienez, hogei baino gehiago dira azken hilabetean aterkiarekin ibili behar izan dutenak euririk egin ez arren. Ez dago argi zapelatzak zer ikusi duen haiengan, baina eraso egin die. Orain, haren bila omen dabiltza. Ez dakit atxilotu egingo duten, deklaraziorik hartuko dioten, zuzenean heriotzara kondenatuko duten… halako daturik ez dut aurkitu berrian, baina bila ari direla bai. Banekien zapelatzak oiloak eramateko joera duela, baina pertsonei eraso egiten dienik ez nekien. Haren bila ari direnek pentsatuko duten moduan, nik ere pentsatu nahi nuke hegaztia erotu egin dela eta horregatik ari dela gizakien kontra. Ez dut uste, ordea. Nik hegaz baneki, eta handik goitik gu hemen behean egiten ari garena ikusteko gaitasuna banu, eraso egingo nioke gizakien espezie osoari: gogor, gainera. Pentsa ezazue noraino iristen den gure ezjakintasuna: zelaiak botikaz betetzen ditugu beste espezieek ez ditzaten guk lantzen ditugun elikagaiak jan, eta gero, geuk jaten dugu inork ez jateko pozoindu duguna. Nola ez gaituzte gorrotatuko zapelatzek, diren lur, janari, animalia eta ur guztiak kakaztu baditugu azken bost hamarkedatan? Nola ez gaituzte gorrotatuko bizitza kate logiko guztiak eten baditugu denbora gutxian?
Zapelatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu