Onintza Enbeita

Zarata

2026ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun batzuk egin ditut zain ea manifestaziorik egiten den, edo ea epaileren batek fisikako azterketa batezbestekotik kanpo uzteko agintzen duen edo… ez da ezer gertatu. EHUk esan du zero gehiago egon direla fisikan euskaran baino. Inori ez zaio arraro egin, inork ez du esan fisikako zuzentzaileek etorkizuna izorratu diotenik, inork ez du esan bere fisikako maila ez dela hain ona baina aprobatzeko bestea baietz… isiltasuna zabaldu da. Orduan, urdaila hasi zait oihuka. Buruak hoztuko ez dizkidan pentsamenduak gailendu zaizkit erraietan. Berriz ere jarri nahi izan dute dianaren erdian euskara, eta berdin izan die horretarako noren gainetik pasatu behar duten. Inor ez da kezkatu aztertzaileek pasatuko zituzten aste gogorrez, bere burua galdera ikur handi baten azpian ikusteak eragingo zien antsietateaz… desautorizatu dira eta kito. Ez dute zalantza jarri A ereduak leku askotan eskaintzen duen euskara maila negargarria. Ez ditu kezkatzen A ereduan jasotzen duten euskara maila D ereduan jasotzen dugun gaztelania mailatik milaka kilometrora egoteak. Total, euskara baino ez da. Zertarako behar dute, bada? Askotan pentsatzen dut zenbait ikasketa prozesutan barre egiten zaiola euskarari, eta hori egin dezaketela badakitelako txilibitu bana hartu eta behar den atarian zarata ateratzen badute epaileak alde jarriko zaizkiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA