Iragan ekainaren 17an Europako Parlamentuan gaurko giro politiko orokorra ongi erakusten duen zerbait gertatu da. Europara heltzen diren migratzaile klandestinoen kontrako lege bat pasarazi dute eskuinak eta eskuin muturrak. Lege horrek ofizial egiten du Europaren mugetatik kanpo eraikiko diren erretentzio zentroen xedea, Albanian edo Moldavian adibidez, euro ozen eta mardulen trukean alabaina.
Ez da bozka hori harrigarriena, baizik eta diputatu horiek oro bozketa irabazi ondoan, gehienak zutik, hasi direla bring them back eslogana ahots bakarrean oihukatzen. Bistan dena migratzaileez mintzo zirela, nortaz bestela? Handik gutxira, ezkerreko bankuetatik shame on you erantzuna altxatu zen. Gai horren inguruko polarizazioak Europako Parlamentua ere ito duela ezin uka.
Xenofobia aitzina doa jende arrunten hitzak kutsatzeraino, baina nahiko nuke nik ikusi migratzaileen lan-indarrik gabe funtzionatuko lukeen Europa bat... xaharren artamenduetatik hasi eta nekazaritzako hainbat alorretaraino, zerbitzu eta industrian barna, pürki ezinezkoa litzatekeela uste dut!