Ivanka Trump eta Jared Kushner bere senarra, kartsuki zaindu gune natural batean eraikitzeko higiezin proiektu erraldoia kudeatzen dabiltza, ez Estatu Batuetan, baizik eta Albaniako Mediterraneoko kosta aldean: badu jada bi aste baino gehiago xede horren kontra biltzen direla herritarrak, lagon horrek hegazti migrariak aterpetzen dituelako eta bertan flamenko arrosek habiak egiten dituztelako. Baina zer munta dute kezka ekologikoek miliarrak burrustan maneiatzen dituen bikote puxant horren parean?
Tiranatik ehun eta berrogeita hamar kilometro iparrera kokatuko da balnearioa sekula egiten baldin bada. Jendearen kexuaren gainetik pasatuko al da gobernua? Honek segurtatzen du ezer ez dagoela erabakirik eta zerbait egiten bada, naturaren espezialista hoberenen aholkuak kontuan edukiz eramango dela proiektua aitzina. Albania, bere lehor zurbilekin eta Ismael Kadare idazle zenaren nobeletako arrano mendekarien figurekin, duela gutxi arte okzidenteko ustiapen ereduetatik kanpo zegoen. Trump sendiaren diru gosearekin haatik, banpez heltzen da errealitate prosaikoaren mugetara.