Nik ere gure xaharren antzera erran dezaket ez dudala sekula horrelakorik ikusi: alerta gorrian daude Landetako eta Pirinio Atlantikoko departamenduak. Besteak beste. Leku frankotan musikaren bestako ospakizunak ezeztatu dira, kirol eginkizunak eta gainerako kanpoko ekitaldi kolektiboak. Marmitako-tupinak bezain burbuilari diren etxeetan geratzera deitzen gaituzte. Baionan, igerilekuak urririk egon dira asteburuan eta eskola gehienak itxi dituzte hiru egunentzat. Ikasle askok haatik Jean Dauger estadioko gela klimatizatuetan aurkitu dute abaro...
Beroketa klimatikoaren ondorio larriei erantzun iraunkorrak ekartzeko xederik ez dute boterean daudenek. Ele zuriak ezpainetan agertu dira, Macron presidentea kasu, bata besteari adi egotera gonbidatu gaituztela, adinekoen, haurren edo osagarri txarrean direnen egoeraz axolatzera hots. Baina hats luzeko politikarik ez dute aipatzen, ekologiaren aldeko diskurtsoak borobiltzea bekatua balitz bezala. Gaitz erdi, beroaldi olde berri honek lehentasunak non diren hausnartzeko aukera ematen badigu...