Urte oroz ehunka kazetari hiltzen dira munduan zeharreko gerla eremuetan lanean ari direla, argazkiak hartzen edo konfliktoak filmatzen. Herrialde batzuetan, botere politikoaren kontura ari diren mertzenarioek erailtzen dituzte narkotrafikoa edo terrorismoa indarrean dauden lekuetan adibidez, totalitarismorantz doazen eskualdeetan bereziki. Duela hogei urte, Moskun, Putinek bidali bi hiltzaileek akabatu zuten Anna Politkovskaia (1958-2006) kazetariaren biziarekin. Putinek 74 urte ditu eta badu mende laurdena Errusiako buru dagoela.
Politkovskaia Txetxenian ibili zen gatazka argitzen. Kremlinak ez zituen bere egiak maite. Kazetariak askotan hari mehar baten gainean dabiltza, erortzear. Adierazpen askatasuna ez baita denetan berdin bermatua. Anna P.-rentzat errealitatearen gaineko gezurra onartzen duen sozietate batek biolentzia txalotzen bukatzen du. Horretaz guk ere nahikoa badakigu.
Anna exekutatu zuten egunetan, Katalin Indaburu kantariarentzat Anna izeneko olerki bat idatzi nuen eta batzuetan euskal artistak Annaren memoria hori abestiz harrotzen du.