Iragan egunean adineko gizon bat arrastatu dute jandarmeek autobidean, Beskoitze aldean 182 kilometro oreneko abiaduran gidatzen zuela, bertan zilegi diren 110en ordez. Bistan dena gida baimena eta autoa bahitu zizkiotela eta animaleko multa edo amanda jarri. Abiadura muga gainditzeko aitzakia arrazional bat bazuen, alabaina: Getarian bazkaltzen ari zitzaizkion lagunengana heltzeko presatua zen, pĂ¼rki & sinpleki.
Abiadurak eragiten dituen auto istripuen gaineko kanpainak eramaten dira, baina badirudi herritarrak ez dituela beretzat hartzen. Autoan sartzen den ber munduaren errege edo erregina sentitzen da, bideetan bera bakarrik balitz bezala. Ondorio argia da: urte batetik bestera gora ari dira hil eta zauritu kopuruak, abiadurari drogak eta atentzio eskasa gehitzen ahal zaizkiolarik. Zenbat dira gidatzen eta aldi berean telefonoa tripotatzen dutenak?
Gizonak eta gazteak dira gehienbat istripu horien biktimak. Gurean ere. Oinezkoak eta txirrindulariak ere biltzen dira kolpatuen lerroetan. Dolutan eta bizi osorako elbarri geldituko direnak aipatu gabe.