Adimen artifizialak mundua milimetroan kartografiatzen duela uste dugu, dena dakiela, gure jakitate eskasaren zirrikitu guztietan dabilelako. Baina, egia erran, jakitera ematen dioguna baizik ez daki. Orain arte ez zituen Brasilgo Amazonia oihaneko Awa-Guaja izeneko herritarrak ezagutzen. Eta basoaren muinean bizitzen segituko zuten laborantza industrialaren garatzeko lurrak erdiesteko oihan suntsiketek edo urre bila dabiltzan garimpeiroek gainerako populuengana hurbiltzera behartzen ez balituzte.
Hori da gertatu Awa-Guaja batzuk beraien isolamendutik atera direnean iragan azaroaren 16an: haurrak, emakumeak eta gizonak azaldu dira, biluzik eta lantzak eskuetan, izu airea begietan. Herri bat, ehun bizidun partikularki mehatxatuak. Autoktonoen espezialistak arranguratuak dira, normalean Awa-Guajak ez direlako oihanaren minetik jalgitzen eta ez dutelako kanpoarekiko kontakturik bilatzen: epidemiak, El Niño-k eragin lehorteak, suteak edo talde kriminalen erasoak sufritu dituzte. Aspaldi bazuen ez zela horrelakorik agitu Brasilen eta emozio ikarati bat hedatu da bazterretan…