Iragan ekainaren 9an, Iraneko mugetan dagoen Herat hirian, Afganistaneko talibanen segurtasun indarrek, hijab jantzi integrala gaizki eramaten zutelako presondegiratu hamasei emakumeen sostenguz bildua zen jende-saldoa tirokatu zuten. Bala errealekin. Nehork ez daki zenbat hil eta zauritu atera ziren sarraski horretatik. Kolpatu batzuek ez zuten ospitalera joaterik onartu, atxilotuko zituzten beldurrez. Hilabetez hilabete, talibanen gobernuak emazteen kontrako bere ekina gogortzen du eta badirudi geldi ezina dela.
Hiritar talde bat –emazteak, baina gizonak ere bai– karrikara jaitsi zen heziketa, lana, askatasuna eslogana oihukatuz. Bi egun lehenago, otoitzaren tenorean, bizioen kontrako eta bertutearen aldeko ministerioak iman delakoak behartu zituen, guziek aplikatu behar duten hijab hori manamendu jainkotiarra dela predikuetan oroitaraztera.
Xariaren legeak guzia lehertzen duen arren, herritarrak antolatzen dira eskolak, osagarri guneak eta musika lekuak emakumeei irekirik atxikitzeko, saltegien edo farmazien atzealde klandestinoetan adibidez...