Balea ehizatzeko eskubidea duten hiru herrialde badira munduan: Islandia, Japonia eta Norvegia. Ekain erditsutik irail bukaera arte antolatzen da ehiza mota hori, kaptura kopuru mugatuekin hala ere. Baleak dagoeneko ugaztun babestuak dira, aitzin-historiatik gaur egun arte, nasaiki bilatuak eta harrapatuak izan ondoan! Euskal kostaldeak kartsuki zaindu ditu ehiza tradizional horren inguruko toponimiak...
Islandian bi azken urteotan ez da baleazale ontzirik atera abere populazioak murritzegiak zirelako, baina aurten berriz abiatu dira Reykjavikeko portutik, arpoiak zorrotz prestaturik. Aurkari batek bere burua lotu dio ontzi horietako baten mastari, protesta gisa. RUV telebista publikoaren pantailatik ikusi ditugu irudi hauek oro.
Hiri nagusiko jatetxe batean oraino ere, duela gutxi bederen, balea haragia eskaintzen zen. Baina islandiarrak kezkatzen dabiltza, baleen herioa jasanezina zaielako eta jendeak ez du gehiago haragi hori jan nahi arrazoi etikoengatik. Larrazken honetan ehiza debekatzeko lege bat eztabaidatuko da Islandiako Parlamentuan...