Badira lekukoak mundu honek eramaten duen logika politiko eta militar ilogikoaren aitzinean, ttattit eta mutu daude, ahoak zabalik, bake pixka baten premian direla onartzeko ezgai. Aurten, lekukoak xerkatzen dituzte krimenak askotan —eta zorionez— fiktiboak diren Baztango lurretan ere. Aste honetan beltzaren beltzeko beltza ehizatu dute literaturaren jalkinen itzaletan. (H)ilbeltza festibalak hamabigarren sasoia du eta gu bezalako cold case zaleentzat urte oroz —edo kasik— biltzeko aukera paregabea da.
Neurtu ezinezko falanga dago hondar bi hamarkada hauetan krimen zakarrak bihikatzen dituzten podcast edo dokumentalen inguruan. Katalunian Carles Portak handiak zituen ateak ireki, eta gurean Xabier Madariagak edota Miriam Duquek eramaten dute lan hori. Ez dakit zer dugun gehien maite hilketak hain xeheki aipatzen dizkigutenean, agerpenek dakarten morbo mukizua ala gure baitatik haste, gugan sentitzen dugun hiltzeko eta hilak izateko arrisku misteriotsu horren kontzientzia... Ez ahantz, lagun, oraindik ez dela Goenkale-ko Gina Sinatra gaztearen erailketa arras argitu…