Iparramerikarrak eta europarrak halako bake moduko bat kudeatzen saiatu ziren gerla hotzaren ondoko garaietan, bakea, bereziki, merkatu librearen segurtamenak finkatzen zuela. Irakurle, iraganean mintzo naizela ohartu zara, ezta? Trump boterera helduz geroztik badirudi modus vivendi hau zalantzan dagoela, eta, haur gaiztoen antzera, berriz pataskari lotu zaizkiola Washingtonek menean zeuzkan jolastokiko elementurik ankerrenak. Bi baizik ez ditut hemen aipatuko: Israel eta Iran.
Ekialde Hurbileko bi herrialdeok ari dira jada goloski bata bestearen hiriak eta jendeak bonbardatzen. Apokalipsiaz eta suntsiketarik larrienaz mehatxatzen dituzte etsaiak. Anartean, Europa ttattit dago, besoak gurutzaturik, begirale plazidoaren plantan: konpon daitezela hondarrean, eta konpondu ezean... «auteferafutro» erranen zuen gure aita zenak! Baina, oroz gainetik —formulatu gabe pentsatzen duket—, europar gerla industriarentzat hain aberasgarriak diren armak balia ditzatela arraiki, gerla-zelai krudel horretako maisuak, Ukrainaren bizkar, urtebetetze zoriontsuak elkarri opatzen dabiltzan bitartean.