Milaka berlindarrek harresia erorarazi zuten arrats apal hartan, telebistetan ikusten genituen irudiek autobus bat hartu eta Parisetik bertara ernatzeko gogoa pizten zuten gure baitan, 1989ko azaroaren 9an Historia Berlinen egiten baitzen. Hiri erdibitutik musikari mitiko anitz pasatu ziren, David Bowie edo Lou Reed baizik ez aipatzeko. Berlinen Rosa Luxemburgen memoria ohoratzen da bereziki eta libertate nahikunde zerbaiten ideia ere Bachen zazpigarren kantataren erritmoan...
Larunbatean, Berlingo harrotasun martxa Tiergarten inguruan bukatzear zegoenean, kamioneta batek jendetza eraso eta sarraskitu zuelako berria hedatu zen. Hil bat eta 29 zauritu zenbatu ziren ustez erro islamistak zituen atakearen ondotik. Erasotzailea 21 urteko mutiko bat zen eta hori azpimarragarria da. Ideologia erlijiosoez haraindian —erlijio guziek beraien eskuin-mutur letalak dauzkate—, argi dago sare sozialetatik elikatzen diren belaunaldi berrietako kideak direla hainbat lekutan, Baionako Txalaparta ostatuaren atarian halaber, laido, postura eta krimen homofobikoen egileak.