Jacques Chiracen andrea zen Bernadette Chodron de Courcel zendu da iragan asteburuan 93 urtetan. Goian bego. Gaitzeko emakumea izan zelako fama uzten du, Jacques Chiracen kanpainak finantzatzeko dirua berea zen, mihi gaiztoa zeukan, erantzun bitriolatuak egiten zizkieten inguruko spin-doctor eta aholkulariei bezain kazetariei. Baina, hau ere hala da, eta errazago da bat aberatsa denean, urrikizko ekinen bidea beregain zegoen, lekukoa Brigitte Macroni eman zion arte. Badakigu halaber bikote horretan ez zirela egun guziak arrosak, Chirac presidentearen emazteekiko harremanak sei minututara mugatzen zirelako, dutxa barne!
Ondotik etorriko ziren presidente andreen kontrara, Correza departamenduko Sarran kantonamenduko ordezkari egon zen hainbat hamarkadaz, sistema klientelista baten buru. Chirac senar-emazteak ondorioz, Errepublikaren diru publikoa ustiatuz bizitu ziren beren jarduera politikoak iraun zuen denbora guzian. Piton larruzko esku-poltsa zeraman eta ironia dekonplexatua harilkatuz «nire suge-zakua bezalakoa naiz, ausikitzen dut!» errepikatzen zuen…