Itxaro Borda

Bista laburrekoak

2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aise ari dira eskuineko gobernariak neurri ekologikoak eta gizakiaren erruz garatzen ari den aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko politikak ezeztatzen. Bista laburreko puxant horien izenik ez dut emango! Jadanik milaka jendek kalteak sufritzen dituzte… ordainik gabe. Migrazioak areagotzen dira, eta ororen gainetik, aztoratzen dabil erregai fosilen ustiatzeko azkeneko lasterketa, Iraneko konfliktoak ederki erakusten duen bezala. Mundua ez da sekula egonkorra izan, baina hondar hamarkada hauetan badirudi orekak hausten ari direla…

Gastuak mendratzeko aurrekontuak proposatzen dituzte politikariek, kultura, aniztasuna eta ekologiako dirutzak sakrifikatuz. Botereen meneko ez diren puntako ekonomistek haatik, joera horiek, epe ertainean, kalkulu txarrak litezkeela diote. Hemendik 2100 urtera, beroketaren aferak, barne produktu gordinaren ehuneko berrogeita hamarra gaindituko du. Ohiko iragarpenak baino sei aldiz gehiago. Galernek, suntsiketek, uholdeek edota idorteek, besteak beste, larriagotuko dute gure arrahaurrek ezagutuko duten kaos klimato-ekonomikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA