Bero handietako egunetan, denbora laburrean, tenperatura orokorra hamar edo hogei graduz apalarazten duen brullarta altxatzen da Lapurdiko lehorrean. Zenbait lekutan, galerna edo enbata izendatzen da itsas gainean halako horma zutun gris baten antzera jaikitzen den ekaitza. Ikusgarria da, hunkigarria da, beldurgarria da. Barnealdeko laborari alaba naizen honek beti emozio trinko batez jarraitzen du aldaketa hori, giro lainotsu eta fantomatiko horren erdian salba-bidea bilatzen saiatuz.
2022ko ekainaren 18 hartan, ongi oroitzen naiz, Getariako liburu ferian ginen bitartean, tenperaturak 42,9° arte igo ziren, Miarritzeko eguraldi estazioarentzat errekor bat markatuz. Aroa berehala kanbiatu zen eta handik gutxira izerdi patsetan ginenok hotzez ikara genbiltzan sortaldeko haizeak, urrikirik gabe, astintzen bagintu bezala. Gogoan dut egun hura bereziki, eta orduz geroztik brullarta guziak notatzen ditut, adibidez iragan ostiralekoa. Eta Voodoo Muzak taldeak 2002an plazaratu Broullarta diskoa belarriratzen nabil, ezinbesteko soinu-banda fenomeno meteorologiko zirraragarri horren ilustratzeko!