Alemaniako Saxonia-Anhalt eskualdean, iragan igande arrastian gertatu zena aspaldian iragarritako zera dela nabaritzen dugu. Italian, Hungarian, berehalakoan Espainian eta Frantzian ere agituko den deflagrazio bat da. Eskuin muturrak, oinarrian antidemokratikoa denak, demokraziaren bidez lortzen du boterera heltzea. AfD alderdiak, 1933an Hitlerrek bezala —eta hau ez da Godwin puntua—, bozketa bati esker gehiengoa eskuratzen du, gehiengo absoluturik gabe haatik.
Badirudi Historiak ez digula nehoiz ezer irakatsiko, Sting handiak behiala kantatzen zuen bezala: errepikapen latza baizik ez da! Gizartea prest dago, etsai eman baten kontra, aldion migrazioak dituela partida, boterera faxistarik faxistenak bidaltzeko. Genozidioak justifikatzeko gertu da, bazterketak, erailketak, eskubide desjabetzeak... herritar arruntaren sufrikarioen aitzakiarekin bistan dena. Jende xeheak du, omen, faxismoa desiratzen, batasun behartua, heteropatriarkatuaren eredu trinkoa, sozietateen antolaketa militarra. Baina atzean eragiten dabilena, ez dezagula ahantz, egitura neoliberala da... bete-betean!