Gure eskualdeetan ere, denborarekin, sexu gutxiengoak onartzen ari dira, nahiz eta elizaren zein eskuin muturreko alderdien aragoetan, aurkako joerak beti burbuilari dabiltzan. Bada beldurra, boterera helduko direnean, borrokaz erdietsi diren eskubide sozialak oro ezeztatuko dituztela, Orbanek eta Trumpek dagoeneko egiten duten bezala. Hargatik, iragan astean, Parisko Ined estatistika erakundearen txosten batek erakusten du sexu gutxiengo horien portzentajeak handitu direla 2015 eta 2023 artean. Zenbakien arabera beren buruak eredu orokorrekiko «disidente» sexualtzat dauzkaten 20-29 urteko gazteen kopurua sei aldiz biderkatu da.
Frantzian —eta iparraldean?— bost emaztetatik bat ez da heterosexual gisa identifikatzen. %20ko multzo horretan aurkitzen dira pansexualak, bisexualak, lesbianak eta asexualak. Gizonetan, aldiz, %3k gay direla diote, eta beste hainbeste bisexualetan sailkatzen dira. Me too oldeak eta homosexualitatearen banalizatzeak esplika dezakete aldaketa sakon hau, heterosexualitatea ez omen baita jada hain desiragarria. Gizartearen generoen gaineko ikuspegi kontsentsualak haatik ez dira oraino sobera kanbiatu...