Egunkari honetan bertan leitu dut Donald Trumpek hitzeman duela, mandatu erdiko hauteskundeak errepublikanoek irabazten baldin badituzte, amerikar bakoitzari bost mila dolarreko oparia eginen diola. Presidentea Dallasen mintzatu zen burdin ura bezain bero zegoen publiko goseti baten aurrean. Bozketa horiek azaroaren hiruan iragarriak dira.
Guzien jakinean egiten den promesa ikusgarri honek korrupzio zibiko paktu baten antza dauka. Dirutza horren banatzeko orduan, Elon Musken Efikaziaren Bulegoak egin ekonomiak erabiltzea proposatu du. Aduana sarien irabaziak ere seinalatu zituen, baina debaldetan, iturri horretatik sos gutxi duelako eskura bere desafio arraroa obratzeko!
Berri honek, mundu gerlen artean Eskualduna astekarian aipatzen zen Euskal Herri barnealdeko bozka garaiko Jean Ibarnegarai diputatuaren zeregina ekarri dit gogora: berrogeita hamar liberako billetea urratzen zuen, parte bat bozkatu aitzin ematen zion herritarrari eta bestea bozkatu ondoren, ongi eta zuzen bozkatzen baldin bazuen bederen...