Sare sozialek eta ideologia ultra-biolentoek garraiatzen duten giroa ekidin ezina dela dirudi, bereziki gazteen zirkuluetan. Neonaziak, pedokriminalak, maskulinistak eta nihilistak biltzen dira jagoitik Discord-en gisako plataformetan, mina, tortura, umiliazioak edo suizidioak eragiteko, pantailaren bestaldean defentsarik gabe dauden neska eta mutiko nerabeen artean. Sentsibilitatea eta enpatia arras baztertuak dira, bortitzenek lur hau gidatzen balute bezala. Funtsean aski da telebistako berriak ikustea, neurri batean, adinekoek ematen dieten etsenplua besterik ez dela ohartzeko.
Gure artean bertan, Euskal Herrian, elkartasuna aldarrikatzen duen herri honetan ere, askotan, eguneroko harremanetan, enpatia falta nabaria sentitzen da, gorago aipatu mutur anker horietara heldu gabe haatik: lehian gabiltza euskalduntasunaren aldeko sakrifizioaren zurubian gora, boterea dakarren euskararik propioena ezpainetan, elkarri elkor, batzuk nagusi eta besteak sehi... Ez ote liteke hobe, menturaz, gure egikerak gozotasun pixka batez apainduko bagenitu?