Duela sei urte koronabirusaren pandemia betean geunden, birus txirpil batek gure eguneroko biziak nola geldotzen ahal zituen harrituak bezala. Urte hartan denak mediku ginen eta Osasunaren Etxea gurea ere bilakatu zen. Ez dut urrunago joatearen beharrik oroitzapen mikatz haien harrotzeko. Kanarietan lehorreratu den Hondius itsas-gurutzaldiko hantabirusaren aferak memoriak inarrostea eta beldurra hedatzea lortu du. Aldi honetan, halaber, dakigunez, basasagutik gizakira iragan da birusa.
Jendartera hedatzen balitz latzak litezke hantabirusaren ondorioak. Erdi-aroko izurri beltzaren antzekoa kasik. Europako estatu bakoitzak dagoeneko herritarrak lasaitzen sartzen du indarra. Baina Covid garaiko irudiak ikusten ditugu pantailetan errepikatuak: maskarak, jantzi zuriak, urdinak, berdeak, desinfekzio saioak, konfinamenduak, anbulantzia karrankariak, ospitaleetako gela bereziak, espezialisten agerpenak. Alertan daude jadanik herrietako arduradun medikalak... ez dakit haatik seinale ona ala txarra den!