Erori da Bayrouren gobernua, distira handirik gabe, lehen ministroaren ohiko diskurtso huts eta hutsal batekin. Konfiantza ukatu diote diputatuek, aldi berean politika alorreko inkognitari bidea irekiz. Macronek gobernuburu berria izendatuko omen du ahalik lasterren: ea ezkerreko sasietan bilatu eta aurkitzen duen bere rara avis delakoa. Ez du Asanblada deseginen, eskuin muturrak karbaz eskatzen dion bezala. Bosgarren Errepublika zoriontsuaren akabantza dela diote batzuek eta besteek; Pauen demagun, sekula deus ikusi ez duen beren auzapez-kazikearen erorketa ospatu dute.
Bizitza-gastuen goratzeak eta erosteko ahalaren higatzeak errepublika burgesaren oinarriak karruskatzen ditu, eta politikariek, aberatsenak babestu beharrean, ez dakite boterera ekarri dituzten herritarren alde ekiten. Populistak sartzen dira tartean, suminduraren saltsa ontzeko, salbatzaileak beraiek direla sinetsaraziz, funtsean aberatsen haien esku makilak baino ez direlarik. Kordoka larria: beharbada gobernurik gabe hobe gintezke?