Ez du urte beterik ere egingo lehen ministro gisa. Euskal Herrian hain estimatua den usoa, bat-batean otso bilakatu da Macronen gobernuaren kobara iritsi orduko. Herritarrik ahulenak gaztigatzen dituen buxeta plantan eman du, bomer erretretatuak, agorrila oporretan eman dutenak, neurri ekologikoak eta kultur arloko diru laguntzak partida ditu... kasta aberatsenetako hiritarrak aldiz bereziki babesten dituela. Jendeak prest dira Frantzia blokeatzeko heldu den irailaren 10ean. Bayrouk, hargatik, uste du herritar masokisten begirunea daukala oraino...
Ez dugu beirazko birla beharrik etorkizuna asmatzeko. Bayrouren erorketa lehen egunetik beretik iragarria izan da. Irailaren 8an trenkatuko da aspaldian aipatzen den zentsura mozioaren auzia Parisko batzarrean. Politikoen artean, uluak mandoz aldatzeko saioak nabaritzen dira: oportunismoz gordean atxiki duten mataza soziala agertzen dute batzuek, besteek eskuinarekiko azken negoziaketak eramaten dituzte beren buruak hondamenditik salbatzeko eta ezkerra prest omen da gobernuaren giderrak hartzeko.
Ez al dira diputatuak kikilduko bozkatzeko tenorean? Eroriko al da egiazki?