Itxaro Borda

Errata

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan asteazkeneko plastikoei buruzko zutabean oinak nahastu nituen denboraren tapizean: frantses gobernuak plastikozko basoen erabilpenaren debekua 2030 urtera arte gibelatu zuen eta ez 2023ra. Bego erranik! Baina hori ere egia da, aspaldian egin beharreko zerbait dela eta ikusten direla erakunde batzuk, Herri Urrats edo Baionako bestak adibidez, plastikozko godalet eramangarrien kontzeptuak plazaratzen eta garatzen...

Nire mina zenbakietan errotzen da. Ez dut sekula deus konprenitu matematiketan, gure mundu finituko infinitua niretzat ideia poetiko bat da abzisen eta ordenatuen marrak bezain. Seigarren mailan nintzen etxe peko zubi gainetik ene eskolako zakua birundaka errekara aurtiki nuenean, eta ama —gaixo ama zena!-—, ur hegitik lasterka abiatu zen nire puska mulikatuen bila! Oroitzen naiz matematikako lanak negarrez eta ezintasunez egiten nituela.

Oraindik ere biderkatze taulekin arazoak ditut, are gehiago banaketa eta kenketekin. Baina, aitor dut, zortziko txikiak eta zortziko handiak moldatzeko xilabak zuzen kontatzeko matematika doia badakidala...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.