Asteburuan, Landetan nintzen, haurrekin. Ageri zuen goizetik euria eginen zuela: lainoak astun eta gris zebiltzan, haizea bazen... eguraldi agiriek uharren bat beti iragartzen diguten arren, ez du ttanttarik ere egiten. Herenegun haatik arratsaldeko lauak aldera, ihurtzuriaren erritmoan, hogei bat minutuz busti ziren bazterrak, gure bizikletari taldetxoa oihaneko egurrezko etxola batean pazientzia ariketa bat egitera behartuz.
Udan, han eta hemen, osasun publiko arazoa bilakatu den estres termiko gaitza jasan dugula ondorioztatzeko balio izan zuen une horrek: tenperaturek bana-bestekoa gainditu dute aise aurten, egia erran duela hiru hamarkada baino 2,5° gehiago oro har, errekak eta ur baliabideak agortzeko zorian egon dira, beroteak eragin herioak harrigarriki emendatu diren bitartean. Alemanian adibidez. Suteak aipatu gabe.
Meditatzeko egokia zen gure aterpean, opari gisa hartzen eta aipatzen genuen euria. Anartean, estatuak eta Europa mailako botere politikoak paktu berdea deitzen duten hitzarmena destrikotatzen ari dira, etorkizunaz axolarik ez balute bezala...