Itxaro Borda

Euskara, plazer!

2025eko abenduaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Louvreko ebasketa antolatu zuen gaizkile taldea barroteen gibelean dago, bestela Euskal Museoan ikusgai dugun Mosen Bernaten Linguae Vasconum Primitiae lapurtzen laguntzen ahalko gintuzketen, altxa-karga beharrik gabe! Bidenabar, izenpedura kanpaina bat badugu hemen gaindi, Parisko Biblioteka Nazionaleko arduradunei Etxepareren liburuxka Baionan utz dezaten eskatzeko.

Maubec karrikako ene etxe murritz eta hotzean kontserba nezake nik liburua, artoski, Camusen Arrotza eta Amaia Lasaren Poema Bilduma lanen artean, Wittigen Gerrillarietatik biziki hurbil. Euskararen egun honetan, irudimenaren hariak askatzeko ordua da hizkuntzaren salbatzeko kemena eta aniztasun sentsazioak lehenesteko. Xoxak ere ez dira gaizki etorriko, prefosta!

Bergarako Irizar gazteluko geletan, Amaia irakaslearekin euskara ikasten ari direnak ditut gogoan, eta horien antzera, milaka euskal herritar, Etxeparek zioen bezala «beren lengoaian, eskribuz, zerbait doktrina eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igarateko materia» berenganatzen dabiltzanak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.