Itxaro Borda

Ez da gozo...

2025eko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da gozo emaztea, beltza, zuria edo demokrata izatea Trumpek apuñaz eramaten duen Ameriketako Estatu Batuetako botere postuetan. Duela gutxi, alegazio faltsuen aitzakiarekin, Erreserba Federaleko buruzagitzatik kendu zuen Lisa Cook. Iragan ostegunean, Osasun agentzia nagusienaren zuzendaria zen Susan Monarez anderea sutu zuen, ez zetorrelako bat presidentearen txertoen aurkako politikarekin. Susan Monarez mutu gelditu zen, pasa den otsailean, osasun arloko dokumentuetan trans eta LGBTQ hitzak ezabatu zituztenean.

Emakumeen borrokari esker lanbideak eta goi-mailako ardurak feminizatu dira hondar hamarkada hauetan. Ez da erraza izan, baina segur aski diskriminazio positiboaren politika eraginkorra izan da aldaketa sakon hauen bideratzeko. Badirudi, haatik, marea atzera doala, planetako miliardunek sare sozialetan promozionatzen duten maskulinismo olde larriaren aurrean. Badakigu Estatu Batuetan gaur gertatzen dena, bost urte barne Europan ere gertatuko dela. Ez da goxo horretaz jabetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.