Baionako Aturri hegiko Didam arte garaikide museoan ireki berri da erakusketa biziki interesgarria –ene gustuko bederen! Koalizio deitzen da, hamalau artista dira bilduak Artea, ekologia eta lurraldeak lemaren inguruan, datorren irailaren 13a arte zabalik dago aldaketa klimatikoak eragiten dituen naturaren, jendeen eta egituren balizko kolapsoak irudikatzeko. Desafio handia, ukamen garai hauetan! Hor dugu etorkizun zalantzatia, goizetako ihintz ttanttak, glaziarren odol jarioak, izokinen ibilbide trabatuak, Marienian eta Amazonian ustiapen eredu bera, andere erresistenteen belar bildumak, zedro egurrean zizelkatu zetazeo bizkar hezurrak, lainoak eta itzalak... fotosintesiaren faborezko idazki hunkigarria ere irakurtzen ahal dugula tartean!
Argiak transformatzen dituen ura eta oxido karbonoa abere(zale) garen izakion bizitzaren oinarrian dauden sukre eta oxigeno bilakatzen dira. Didameko artistek, fotosintesismoa, mende berde berri baten metafora eta mekanismoa izan daitekeela aldarrikatzen dute. Eta horrek ikusleengan oilo larrua hazten du, errealki eta poetikoki!