Amerikar kontinentean gertatzen den munduko futbol txapelketan freskura pausak sartu dituzte egitarauan, oren laurden guziez partidua geldiarazten dutela ur botilak jokalarien artean banatzeko. Likido hotza edan orduko, Kylian Mbappe arerioaren kaiolara ernatzen ikusten dugu, Olise eta Dembele ondoan dituela... eta gola sartzen! Sublimea, alabaina!
Badirudi datozen asteetarako, bereziki Baionako besten egunetan, bero itzelak iragarriak direla. Baionako auzapeza irratian entzun dut besta itsuaren eta jendaldeen osasun segurtasunaren artean, bigarrena zaintzea hautatuko dutela erraten. Ura eskainiko dute, freskura pausak egiteko guneak izanen dira, lanbrotzaileak, bai eta festayre delakoak ureztatzera etorriko diren kamioiak ere. Besteak beste.
Baiona ari da Leon erregea ohoratzeko ospakizunak prestatzen: bi aste oraino, eta bost eguneko aztoramena haste! Mayou zubian burdinazko hesiak jarri dituzte, zirkulazio aldaketa seinaleak eta debekatuak diren mila gauzen ikurrek burtzoroa eragiten digute, baina oraingoz, hiria troxatzen duen isiltasunaz gozatzen gabiltza!