Bada orain lau hamarkada baino gehiago, 4 urteko Gregory txikia norbaitek ito zuela Vologne ibaiko ur hotzetan. Frantziako cold case zaharrenetatik bat da, eta, iragan astean, mutikoaren bir izeba atxilotzeak afera ilun horretaz gogoratzera ekarri gaitu. Netflixen telesail arrakastatsua moldatu zuten, bertan agertu jeloskeria, mendeku sozial, bele salatari eta koinatu erailketa entzutetsuek trama narratiboa ontzen zutela. Marguerite Duras handia ere tronpatu zen, amak bere semea hil zuela berretsi eta biolentzia bikarioa «sublimea, ororen gainetik sublimea» kausitzen zuela idatzi zuenean...
Familia konplot baten ondorioak pairatu zituen Gregory Villemin putiko bizitoreak. Funtsean, aitaren ustezko anbizioaren aldarean sakrifikatua izan zen. Ez dakigu, kasu honetan, egia judizialik nehoiz agertuko den, omerta trinko gisako batek atxikitzen dituelako sendi horretako partaide guziak.
Egundokoan berazten nauen Gregory txikiaren argazkietako irriak familien arteko giro krudelak eta justiziaren ezintasun metatuak oroitarazten dizkit. Ankerra.