Umeekiko bortizkeria fisikoak eta berbalak salatzen zituen artikulu bat irakurri nuen sarean duela gutxi. Oroitu nintzen orduan, haurtzaroko bihurrikerien garaian, erasia edo zaflako mehatxuak gure onetan zirela entzuten genuela. Adinismoaz (!) harago, eskoletako larderia gure onetan zen, etxeko hizkuntzaz desjabetu gintuzten gure onetan, exodoaren gauerdiko trenak bete genituen gure onetan, xantaia egiten ziguten ohean gure onetan, lanean hertsatzen gintuzten gure onetan eta bizitzaren buruan zahar etxe eskasetan sartuko gaituzte gure onetan...
Denbora batez heziketa arloko ageriko biolentziak baztertu baldin baziren, badirudi azken urteotan egikera horiek itzultzen ari direla, bereziki haur hotzen aurka: gaztigu batek ez omen du sekula minik egin... hori dute errepikatzen heldu izaeraz kontziente diren esku zainarteko eskuineko pedagogo eta ideologoek. Indar harreman ikusezinez osatua da jendartea. Badakigu aski. Herritar infantilizatuei ezetz finkoa ematen eta koadro zehatza jartzen jakin behar dela diote politikari ahozabal batzuek. Beti ere beraien onetan.